2015(e)ko abenduaren 19(a), larunbata

1991ko abenduaren 6ko A-8 autobideko istripua

1991ko abenduaren 6an, AP-8 autobidean Zornotza parean izandako auto istripuan, 18 hildako eta 48 zauritu izan ziren, Euskal Herrian sekula izandako auto-istripurik korapilatsuenean.
1991ko abenduaren 6ko goizeko hamarretan, AP-8 autobidearen aldapan beherako Bizkaiko tarte batean, laino itxia zegoen. Goizeko 10:50ak aldera, Donostiarantz zihoazen bi autok talka egin zuten autobidean. Ondoren, atzetik zetozen autoek ere, lainoaren eraginezko ikusgaitasun murriztua zela-eta, lehenengo biak jo, eta bata bestearen jarraian talka egin zuten elkarren aurka, horietatik hainbat aurrekoen gainera igo zirelarik. Orotara, 25 autok egin zuten talka; batzuek su hartu zuten, eta berehala, sutea beribil gehienetara zabaldu zen. Autoen barruan pertsona asko geratu zen harrapaturik, eta banaka batzuek ihes egitea lortu zuten arren, gehienak harrapaturik geratu, eta bertan kiskalita zendu ziren.

Gertakariaren berri eman eta berehala, larrialdi zerbitzuak lanean jarri ziren zauritutako pertsonei laguntzeko; DYA eta Gurutze Gorria, besteak beste. Suhiltzaileek sutea itzaltzeko lanetan jardun zuten, eta kaltetutako hainbat autori atzera tira egin zioten baita, haiek ere erretzea ekiditeko. Ertzainak,  bestalde, autobidearen trafikoa alde horretan eten, eta bestean bideratu egin behar izan zuen zerbitzuen jarduera errazteko; auto-pilaketa handia sortu zen ondorioz, bai autobidean bertan, bai eta trafiko gehiena hartu zuen N-634 errepidean ere. Horrez gain, lehen orduetan, eta hildakoen izenen berri eman ez zen arte, haien senideen artean ezinegon handia izan zen. Ia hildako guztiak istripuaren tokian hil ziren, baina bertan zendu ziren 17 haiei larri zauritu ziren 18en arteko emakumezko bat gaineratu behar zaie, Galdakaoko Ospitalean hil zena geroago, bertara erreduraz larri zaurituta eta ke pozoitsua arnastuta eraman ostean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina